Skip to main content
01

Frutaka-tik Z-ra:

Rambútan

Rambútan :: Propietateak

Propietateak

Rambutana edo nefelioa litchi-aren (sapindazeoak) familia berekoa da, eta mundu osoko eskualde beroetan banatuta dauden 1.000 zuhaitz eta zuhaixka espeziek baino gehiagok osatzen dute. Izan ere, itxuragatik "Litchi iletsua" ere esaten zaio. Fruta gozoa da, oso atsegina aho-sabairako, eta mahatsaren antzeko trinkotasuna du. Erdialdeko Amerikan "titi txinatarra" bezala ere ezaguna da.

Elikadura-propietateak

Ur asko eta karbohidrato asko dituenez, balio kaloriko handia du.

Beste mantenugai batzuei dagokienez, C bitamina ugari du, eta B multzoko beste bitamina hidrosoluble batzuk ere baditu, besteak beste, azido folikoa. Mineralei dagokiela, potasioa nabarmentzen da eta, kopuru txikiagoan, magnesioa. Zuntza ere badu, heste-igarotzea hobetzen duena. C bitaminak lagundu egiten du kolagenoa, hezurrak, hortzak eta globulu gorriak sortzen, eta lagundu egiten du elikagaiek burdina xurgatzen eta infekzioei aurre egiten. Potasioa beharrezkoa da nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko, muskuluen jarduera normalerako eta zelularen barruko eta kanpoko ur-orekan parte hartzen du. Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotzen da, hezur eta hortzen parte da, immunitatea hobetzen du eta eragin laxante leuna du.

Zati jangarriaren konposizioa, 100 gramoko 
Kaloriak68
Karbohidratoak (g)16
Zuntza (g)2,8
Potasioa (mg)84,1
Magnesioa (mg)12,3
C bitamina (mg)59,4
Burdina (mg)0,34
Fosforoa (mg)16,6
mcg = mikrogramoak

Osasunerako propietateak

Fruta gozoa eta jateko erraza da; aski da erditik zatitu eta erdiko hezurra kentzea. Itxuragatik, elikadura-ezaugarriengatik eta zaporeagatik, haurrek, gazteek, helduek, kirolariek, haurdun dauden emakumeek edo bularra ematen duten amek eta adineko pertsonek kontsumi dezakete.

Zuntz asko duenez, ezaugarri libragarriak ditu. Zuntzak idorreria prebenitzen edo hobetzen du, odoleko kolesterol-tasak murrizten laguntzen du eta gluzemia (odoleko azukre-maila) ondo kontrolatzen laguntzen du diabetesa duen pertsonarengan. Hori bai, bere kontsumoa kontrolatuz.

C bitaminaren edukia dela eta, bereziki gomendagarriak dira bitamina horren gabeziak nozitzeko arrisku handiagoa dutenentzat: zitrikoak, piperra edo bestelako barazkiak onartzen ez dituzten pertsonentzat, horiek baitira gure elikaduran C bitaminaren ia iturri bakarra. Egoera horietako batzuk dira: hazkunde-aldiak, haurdunaldiak eta amagandiko edoskitzea. Era berean, tabakoak, alkohol gehiegi hartzeak, botika jakin batzuk hartzeak, estresak, defentsa urrituek, jarduera fisiko biziak, minbiziak eta urdaileko patologiek C bitaminaren premia areagotu egiten dute.

C bitaminak, gainera, eragin antioxidatzailea du: "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren oxidazioa galarazten du, eta, ondorioz, ez da odol-hodietako paretetan metatzen.

C bitaminak elikagaien burdinaren absortzioa areagotzen duenez, anemia ferropenikoaren kasuan aholkatzen da, burdina ugari duten elikagaiekin edo mineral horren gehigarriekin batera, horrek indarberritzea bizkortzen baitu.

Potasio ugari, sodio gutxi eta antioxidatzaile gutxi dutenez, egokiak dira hipertentsio arteriala edo odol-hodietako eta bihotzeko gaixotasunak dituztenentzat, eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizteko. Potasioa, berriz, giltzurrun-gutxiegitasuna dutenek eta mineral horretan dieta berezi kontrolatuak behar dituztenek hartu beharko dute kontuan. Potasioa kanporatzen duten diuretikoak hartzen dituztenek, ordea, onura aterako diote.