Skip to main content
01

Frutak Atik Zra:

Abrikota

Abrikota :: Propietateak

Propietateak

Abrikota (damaskoa edo albazigoa ere esaten zaio) abrikotondoaren fruitua da, Rosazeoen familiako zuhaitza. Familia horretan 2.000 landare belarkara, zuhaixka eta zuhaitz espezie baino gehiago daude, mundu osoko eskualde epeletan banatuta. Europako fruta nagusiak, arrosondoaz gain, familia handi horretakoak dira. Fruituak haragi mamitsua du, sendoa eta zapore gozo gozokoa.

Elikadura-propietateak

Beste fruta batzuekin alderatuta, energi-ekarpen apala du, ur asko eta karbohidrato gutxi ematen dituelako. Zuntz asko izaten du, eta horrek hobetu egiten du hesteetako igarotze-prozesua. A probitamina (beta-karotenoa) asko du, antioxidatzailea, bai eta C bitamina edo azido askorbikoa ere (dezente gutxiago), hori ere antioxidatzailea, zeinak batez ere kataratei aurre hartzeko eta zenbait minbizi-motari eta endekapenezko beste gaixotasun batzuei aurre hartzeko balio baitu. 
Mineral-edukia ere aintzat hartzekoa da, potasio eta antzeko elementuetan aberatsa baita eta, proportzio txikiagoan, magnesio eta kaltzioan, azken hori esnekietatik edo mineral horren iturri diren beste elikagai batzuetatik datorrena baino gutxiago aprobetxatzen da. Beta-karotenoa A bitamina bihurtzen da gure organismoan, behar duen heinean. Bitamina hori funtsezkoa da ikusmenerako, larruazala, ilea, mukosak eta hezurrak egoera onean edukitzeko eta immunitate-sistemak ongi funtziona dezan. 
Potasioa nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko eta muskuluen jarduera normalerako beharrezkoa den minerala da, eta, gainera, zelularen barruko eta kanpoko uraren orekan parte hartzen du. Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotzen da, hezur eta hortzen parte da, immunitatea hobetzen du eta eragin laxante leuna du.
.

Konposizioa zati jangarriaren 100 gramoko 
Kaloriak42
Karbohidratoak (g)9,5
Zuntza (g)2,1
Potasioa (mg)293
Magnesioa (mg)12
Kaltzioa (mg)17
A probitamina (mcg)26
C bitamina (mg)7
mcg = mikrogramoak

Osasunerako propietateak

Abrikotek kolore laranja erakargarria, usain atsegina eta zapore gozoa dutenez, udako fruta gustukoenak dira. Nutrizio-osagaiak direla eta, adin guztietan sustatu behar da: haurrak, gazteak, helduak, kirolariak, haurdun dauden emakumeak edo bularra ematen duten amak eta adinekoak.

Abrikotek duen beta-karotenoak edo A probitaminak eragin antioxidatzailea dute, eta berezko kolore laranja ematen die. Gainera, gaixotasun kardiobaskularrak, endekapenezko gaitzak eta minbizia nozitzeko arriskua arintzeko, gomendagarria da fruta hau jatea. Era berean, abrikotaren hainbat substantzia, beta-karotenoaz gain, larruazaleko gaitzak tratatzeko ere erabiltzen dira.

Abrikotak potasio asko duenez, fruta diuretikoa da, eta bihotz-hodietako hainbat gaixotasunen (hipertentsio arteriala edo likido-erretentzioarekin lotutako beste batzuk) tratamendu dietetikorako gomendatzen da. Mineral hori suntsitzen duten diuretikoak baliatzen direnean ere kontsumitzea komeni izaten da, eta bulimia nozitzen denean ere bai, galera handiak eragiten dituzten goraldi autoinduzituengatik. Hala ere, mineral horren ekarpena mugatuta dago giltzurrun-gutxiegitasun akutua edo kroniko aurreratua dagoenean; beraz, kasu horietan, abrikotak neurriz kontsumitu behar dira.

Odolari dagokionez, globulu gorrien (burdina, kobrea eta kobaltoa) eraketarekin eta heltzearekin zerikusi zuzena duten mineralak ematen ditu. Halaz ere, abrikot fresko edo lehortuak ematen duen burdina ez-hemo forma kimikoan dagoenez, organismoak kantitate txikian xurgatzen du. Mineral horren absortzioa areagotzeko, komeni da absortzioa areagotuko duten beste mantenugai batzuk dituen otordu oparo baten postre gisa hartzea. Mantenugai horiek haragi, arrain eta arrautzetan ugari diren proteinak izan daitezke, edo zenbait barazkiren (piperra, tomatea) eta frutaren (zitrikoak, kiwia, fruta tropikalak...) C bitamina.

Bestalde, abrikot fresko helduek tanino ugari izaten dute, eta substantzia horiek ezaugarri lehorgarriak, antiinflamatorioak eta antioxidatzaileak dituzte. Taninoen ekintzetako batzuk hesteetako mukosa lehortzea eta hustea dira; geruza horrek estaltzen du digestio-hodiaren barrualdea, eta, beraz, urdail delikatua eta digestio astunak izanez gero, komeni da hartzea.

Azkenik, komeni da gogoratzea abrikotek daukaten azido oxalikoak gatzak eratu ditzakeela mineral batzuekin (kaltzioarekin, adibidez), eta kaltzio oxalatoa sor dezakeela. Hori dela eta, kontuan hartu behar da halako giltzurrun-harriak izanez gero, egoera larriagotu egin baitaiteke. Gainera, kobre asko dutenez, haurdun dauden emakumeek ez lukete abrikot gehiegi kontsumitu behar.