Skip to main content
01

Frutaka-tik Z-ra:

Lima

Lima :: Propietateak

Propietateak

Limoia eta lima Citrus generoko bi zitriko dira, Rutazeoen familiakoak. Familia horretan 1.600 espezie baino gehiago daude. Citrus genero botanikoa da taldeko garrantzitsuena, eta 20 bat espezie ditu fruitu jangarriekin, guztiak C bitamina, flabonoide eta olio esentzial ugarirekin. Fruituei hesperide deritze, eta badute berezitasun bat: beren endokarpioa zukuz betetako besikula ugariz osatuta dago.

Limoia eta lima, batik bat, beste fruta edo plater batzuen zaporea ontzeko eta prestatzeko erabiltzen dira.

Elikadura-propietateak

Ura du osagai nagusia. Kaloria gutxien duten frutak dira, nahiz eta kontuan hartu behar den ez direla fruta fresko gisa jaten, zuku gisa baizik. Nabarmentzekoak dira C bitamina, azido zitrikoa, azido folikoa eta eragin astringenteko substantziak. Mineralik ugariena potasioa da, eta proportzio txikiagoan magnesioa. C bitaminak lagundu egiten du kolagenoa, hezurrak, hortzak eta globulu gorriak sortzen, eta lagundu egiten du elikagaiek burdina xurgatzen eta infekzioei aurre egiten. Azido zitrikoak eragin desinfektatzailea du eta C bitaminaren eragina indartzen du. Azido folikoari dagokionez, globulu gorri eta zurien ekoizpenean, sintesi material genetikoan eta sistema immunologikoaren antigorputzen eraketan parte hartzen du. Potasioa beharrezkoa da nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko, muskuluen jarduera normalerako eta zelularen barruko eta kanpoko ur-orekan parte hartzen du. Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotzen da, hezur eta hortzen parte da, immunitatea hobetzen du eta eragin laxante leuna du.

Zati jangarriaren konposizioa, 100 gramoko 
Kaloriak8
Karbohidratoak (g)1
Zuntza (g)2,8
Potasioa (mg)144
Magnesioa (mg)8
Azido folikoa (mcg)10
C bitamina (mg)42
mcg = mikrogramoak

Osasunerako propietateak

Nutrizioaren ikuspegitik dituen ezaugarriak eta eragin antioxidatzailea duten substantzien ekarpena direla eta, oso gomendagarria da haur, gazte, heldu, kirolari, haurdun dauden emakume edo bularra ematen duten amentzat eta adineko pertsonentzat. Limoiak eta limak C bitaminan eta azido zitrikoan duten aberastasunak gaixotasun infekziosoak prebenitzen laguntzen du, sistema immunitarioa estimulatuz eta birus eta bakterioen aurkako defentsak sortuz. Hori dela eta, bereziki gomendatzen da bitamina horren gabeziak izateko arrisku handiena dutenen artean kontsumitzea. Egoera horietako batzuk dira: hazkunde-aldiak, haurdunaldiak eta amagandiko edoskitzea. Era berean, tabakoak, alkohol gehiegi hartzeak, zenbait sendagai erabiltzeak, estresak, defentsa urrituek, jarduera fisiko biziak, minbiziak eta hanturazko gaixotasun kronikoek eragindako digestio-galerek aprobetxamendua gutxitzen dute eta mantenugaien xurgapen txarra eragiten dute.

C bitaminak, antioxidatzaile gisa, gaixotasun askoren arriskua murrizten laguntzen du, besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrena, endekapenezkoena eta baita minbiziarena ere. Gainera, C bitaminak elikagaien burdinaren absortzioa areagotzen duenez, anemia ferropenikoaren kasuan aholkatzen da, burdina ugari duten elikagaiekin edo mineral horren gehigarriekin batera, horrek indarberritzea bizkortzen baitu.

Azido zitrikoak gernuaren propietate antiseptiko eta alkalinizatzaileak dituenez, limoi edo lima zuku diluitua hartzeak mesede egiten die giltzurrunetako kalkulu edo litiasia (batez ere azido urikoaren gatzengatik), hiperurizemia edo tanta dutenei, gernuaren bidez azido urikoa kanporatzea errazten baitu.

Substantzia lehorgarriak dituenez, onuragarriak dira beherakoa izanez gero (limoi-ura, etxeko gazura). Limoi-zukua aukera ona da ozpinaren ordez entsaladetan eta bestelako sukaldaritza-prestakinetan erabiltzeko, nutrizio-ezaugarri bikainak baititu.