Skip to main content
01

Frutaka-tik Z-ra:

Kokoa

Coco :: Propietateak

Propietateak

Palmazeoen familiakoa da. Fruitu honen jatorria munduan gehien landatzen den palmondoa da. Landare horretatik abiatuta, produktu-aniztasun handia lortzen da, eta elikagai-, edari- eta aterpe-iturria da, besteak beste. Laborantza-eremuetatik esportatzen den produktu nagusia prozesatu gabeko kopra da, eta, ondoren, idortutako kokoa. Asiako, Europako eta Ipar Amerikako merkaturik interesgarriena koko-ur ontziratuarena da, onarpen handikoa eta urtetik urtera eskari handiagokoa. Hala ere, Europako zenbait herrialdetan, koko freskoa da irtenbiderik onena; izan ere, protagonista garrantzitsua da azoka eta berbenetan, bai eta artisau- eta industria-gozogintzako hainbat prestakinetan ere.

Elikadura-propietateak

Kokoaren osaera aldatu egiten da heltzearen arabera. Gantza da osagai nagusia uraren ondoren, eta ugari ematen ditu gantz azido saturatuak (guztiaren %88,6); beraz, balio kaloriko handiena du fruta guztietatik. Karbohidrato gutxi eta proteina gutxiago ematen ditu.

Mineralei dagokienez, potasioa, magnesioa, burdina eta selenioa daude. Beste mantenugai batzuei dagokienez, zuntza ere ugari izaten dute, eta horrek hobetu egiten du hesteetako igarotze-prozesua, eta lagundu egiten du zenbait alterazio eta gaixotasun izateko arriskua gutxitzen.

Potasioa beharrezkoa da nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko, baita muskuluen jarduera normalerako ere, eta zelularen barruko eta kanpoko ur-orekan parte hartzen du. Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotzen da, hezur eta hortzen parte da, immunitatea hobetzen du eta eragin laxante leuna ematen du. Burdinak zelulen metabolismorako beharrezkoa den oxigenoa garraiatzen laguntzen du. Selenioak, berriz, eragin antioxidatzaile handia du, eta sistema immunologikoa estimulatzen du.

Azpimarratzekoak dira, gainera, E bitamina, eragin antioxidatzailea eta B multzoko zenbait bitamina hidrosoluble, gure organismoak behar bezala funtziona dezan beharrezkoak direnak.

Zati jangarriaren konposizioa, 100 gramoko 
Kaloriak373
Koipeak33,5
Karbohidratoak (g)15,2
Zuntza (g)9
Potasioa (mg)405
Magnesioa (mg)52
Selenio (mg)10,1
Burdina (mg)2,1
Kaltzioa (mg)13
E bitamina (mg)0,7
C bitamina (mg)2
Azido folikoa (mcg)26
mcg = mikrogramoak

Osasunerako propietateak

Kokoa oso fruitu lurrintsua da, zapore bizi eta atseginekoa. Nutrizio-ezaugarriak eta noizbehinka eta neurrizko kontsumoa kontuan hartuta, egokitzat jotzen da herritar osasuntsuen segmentu guztientzat: haurrak, gazteak, helduak, kirolariak, haurdun dauden emakumeak, bularra ematen duten amak eta adineko pertsonak.

Gantz saturatu asko dituzten elikagaiak gehiegi jateak odoleko kolesterol-maila igotzea eragiten du (hiperkolesterolemia). Hala ere, kokoa oso kantitate txikitan eta oso gutxitan jaten da gure herrialdean, eta, beraz, freskoan jateak ez dio osasunari inolako eragozpenik sortzen; are gehiago, gure elikadura substantzia nutritiboetan aberasten du, eta gure gastronomiako plater askoren zapore eta arometan.

Gainera, oso aberatsa da hezurren mineralizazioan parte hartzen duten gatz mineraletan (magnesioa, selenioa, kaltzioa). Zuntz edukia ere nabarmena da, laxatzeko gaitasuna duelako. Zuntzak idorreria prebenitzen edo hobetzen du, odoleko kolesterol-tasak murrizten laguntzen du eta gluzemia (odoleko azukre-maila) ondo kontrolatzen laguntzen du diabetesa duen pertsonarengan. Balio energetiko handia dutenez, neurriz kontsumitu behar dute gehiegizko pisua dutenek, eta potasio asko dutenez, ez da gomendatzen giltzurrun-gutxiegitasuna dutenek eta mineral horretan dieta kontrolatua behar dutenek kontsumitzea. Hala ere, diuretikoak hartzen dituzten pertsonek onurak izango dituzte, kokoan ugari baitago mineral hori.