Frutaka-tik Z-ra:
Kakia

Denboraldiko egutegia
Propietateak
Kakia, makila santu izenez ere ezagutzen dena, fruta tropikala da, Ebanazeoen familiakoa. Kontsumo-espezie ezberdinak daude, tamaina eta zapore ezberdinekoak, eta horien artean aipagarriak dira Txinako kakia (D. Kaki), Japoniakoa (D. Lotus) eta amerikarra (D. Virginiana). Gehien landutakoa Txinakoa da: 80 eta 250 gramo arteko pisua du, barietatearen arabera; karotenoen edukiaren arabera, gorri edo laranja edo horia da, eta mami laranja, gozo eta mamitsua du, eta tanino edukiaren arabera, zapore garratz samarra.
Elikadura-propietateak
Osaera desberdina dute barietatearen arabera, baina guztiek dute ur-eduki handia. Karbohidrato ugari (fruktosa, glukosa) eta gantz eta proteina gutxi ematen dituenez, bere balio kalorikoa beste frutena baino dezente handiagoa da. Zuntz-ekarpenari dagokionez, pektina dauka, disolbagarri motakoa, kopuru ertainean. Bitaminen eta mineralen edukiari dagokionez, A probitamina edo beta-karotenoa nabarmentzen da, horrek ematen baitio fruituari bere berezko kolorea, C bitamina eta potasioa. Beta karotenoa A bitamina bihurtzen da gure organismoan, behar duen neurrian. A bitamina funtsezkoa da ikusmenerako, larruazala, ilea, mukosak eta hezurrak egoera onean edukitzeko eta sistema immunologikoak ongi funtziona dezan. C bitaminak lagundu egiten du kolagenoa, hezurrak, hortzak eta globulu gorriak sortzen, eta lagundu egiten du elikagaiek burdina xurgatzen eta infekzioei aurre egiten. Bi bitamina horiek, gainera, funtzio antioxidatzailea betetzen dute. Potasioa nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko eta muskuluen jarduera normalerako beharrezkoa den minerala da, eta zelularen barruko eta kanpoko ur-orekan parte hartzen du. Proportzio txikiagoan agertzen dira B multzoko zenbait bitamina (B1, B2, eta B3) eta mineralak, kaltzioa, fosforoa, burdina eta sodioa.
Zati jangarriaren konposizioa, 100 gramoko | |
---|---|
Kaloriak | 65,6 |
Karbohidratoak (g) | 16 |
Zuntza (g) | 1,6 |
Potasioa (mg) | 190 |
Magnesioa (mg) | 9,5 |
A probitamina (mcg) | 158,3 |
C bitamina (mg) | 16 |
Azido folikoa (mcg) | 7 |
mcg = mikrogramoak |
Osasunerako propietateak
Kakia oso fruta gozoa da, erraz jateko modukoa. Behin helduta, erraz irekitzen da eta mamia koilararekin edo labanarekin jan daiteke, barietatearen arabera, eta horrek bereziki erakargarri egiten ditu txikienentzat. Eta arrazoi beragatik, beren nutrizio-ezaugarriak kontuan hartuta, oso gomendagarriak dira gazteentzat, helduentzat, kirolarientzat, haurdun dauden edo bularra ematen duten emakumeentzat eta adineko pertsonentzat ere.
A probitamina ugari daukanez, populazio osoari gomendatzen zaio, eta, bereziki, bitamina horren gabeziak izateko arrisku handiena dutenei: gantz gutxiko dieta egin behar dutenei, eta, beraz, A bitamina gutxi dutenei, edo nutrizio-behar handiagoak dituztenei. Egoera horietako batzuk dira: hazkunde-aldiak, haurdunaldiak eta amagandiko edoskitzea. Halaber, tabakoa, alkohol gehiegi edatea, zenbait sendagai erabiltzea, estresa, jarduera fisiko bizia, minbizia eta hiesa, eta hanturazko gaixotasun kronikoak. A eta C bitaminek, antioxidatzaile gisa, gaixotasun kardiobaskularren, endekapenezkoen eta minbiziaren arriskua murrizten laguntzen dute. Pektina ugari dutenez, idorreria tratatzeko gomendagarriak dira, hori bai, bere sasoian. Gainera, potasio ugari eta sodio gutxi dutenez, oso egokiak dira hipertentsio arteriala edo bihotz-hodietako gaixotasunak dituztenentzat. Potasioa, berriz, giltzurrun-gutxiegitasuna dutenek eta mineral horretan dieta berezi kontrolatuak behar dituztenek hartu beharko dute kontuan.