
Osasuna
Frutek berebiziko garrantzia dute gizakiaren dietaren orekan, nutrizio-ezaugarriak dituztelako.
Fruta osasunaren sinonimoa da. Ikus dezagun zergatik:
- Ur asko duenez, gure organismoko toxinak kanporatzen laguntzen du, eta ongi hidratatzen laguntzen digu.
- Zuntza hartzeak lagundu egiten du gure hestearen funtzioa erregulatzen eta idorreria saihesten edo zuzentzen. Zuntzak interes dietetiko handia du, eragin onuragarriak baititu zenbait gaixotasunen prebentzioan eta tratamenduan (gehiegizko kolesterola, diabetesa, obesitatea, behazun-xixkuaren kalkuluak, hemorroideak eta zain barizedunak, dibertikuluak, koloneko minbizia eta ultzera).
- C bitaminaren iturri ia bakarra dira. Nutrizio arloko adituek egunean gutxienez hiru fruta ale hartzea gomendatzen dute, horietako bat C bitamina ugarikoa izan dadin saiatuz (zitrikoak, kiwia, meloia, marrubiak, tropikalak...).
- Antioxidatzaileak ditu, eta nerbio-sistemaren endekapenarekin, gaixotasun kardiobaskularrekin eta minbiziarekin lotutako gaixotasunetatik babesten dute. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) berretsi egin ditu azken urteotan zenbait ikerketa-azterketaren emaitzak, zeinek agerian uzten baitituzte fruta eta barazkiek minbiziaren aurka dituzten ondorioak, batez ere traktu gastrointestinaleko minbiziaren eta biriketakoaren kontrakoak. Ikerketen arabera, minbiziren bat duten hamar pazientetik batek ez du behar adina fruta eta barazki jan. Zitrikoak eta C bitamina, beta-karoteno, E bitamina eta propietate antioxidatzaileak dituzten beste substantzia batzuk ugari dituzten fruta tropikal batzuk ere badira, gaitz kardiobaskularren, kataraten, bularreko minbiziaren, obarioen edo maskuriaren kontra baliatzen direnak.