Skip to main content
01

Frutaka-tik Z-ra:

Meloia

Melón :: Propietateak

Propietateak

Meloia zurtoin herrestariaren fruitua da, eta Kukurbitazeoak familiakoa da. Landare belarkarak dira, 850 bat espezie, normalean tamaina handiko fruituak ematen dituztenak, azal gogor batek babestuta. Cucumis generokoak dira pepinoa (Cucumis sativus L.) eta kiwanoa (Cucumis metuliferus) bezain espezieak.

Elikadura-propietateak

Fruta honen osaeraren %92 ura da, eta ematen dituen kaloria apurrak azukre eduki neurrizkoari zor zaizkio (%6). Eragin antioxidatzailea duen beta-karoteno kopurua mamian dagoen pigmentu laranjaren intentsitatearen araberakoa da. Gehien aportatzen dituen mineralak potasioa eta, proportzio apalagoan, magnesioa eta kaltzioa dira, azken hau, esnekietatik edo mineral horren iturri onak diren beste elikagaietatik datorrena baino aprobetxamendu okerragokoa. C bitaminak eragin antioxidatzailea du, beta-karotenoak bezala. Bitamina horrek lagundu egiten du kolagenoa, hezurrak eta hortzak eta globulu gorriak sortzen, eta lagundu egiten du elikagaiek burdina xurgatzen eta infekzioei aurre egiten. Beta-karotenoa A bitamina bihurtzen da gure organismoan, behar duen heinean. Bitamina hori funtsezkoa da ikusmenerako, larruazala, ilea, mukosak eta hezurrak egoera onean edukitzeko eta sistema immunologikoak ongi funtziona dezan. Potasioa beharrezkoa da nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko, muskuluen jarduera normalerako eta zelularen barruko eta kanpoko ur-orekan parte hartzen du. Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotzen da, hezur eta hortzen parte da, immunitatea hobetzen du eta eragin laxante leuna du.

Meloi erretikulatuak gainerakoetatik bereizten dira, A probitamina (beta-karotenoa), C bitamina eta karbohidratoen (sakarosa edo sukrosa, batez ere) iturri bikainak direlako.

Horrez gain, azido folikoaren ekarpena ere nabarmena da, globulu gorri eta zurien ekoizpenean, sintesi material genetikoan eta immunologia-sistemaren antigorputzen eraketan esku hartzen baitu.

Sodio gehien duten fruta freskoetako bat da (10 miligramo 100 gramoko; gainerako frutek, berriz, 4 miligramo 100 gramoko).

Zati jangarriaren konposizioa, 100 gramoko 
Kaloriak27
Karbohidratoak (g)6
Zuntza (g)1
Potasioa (mg)320
Magnesioa (mg)17
Kaltzioa (mg)14
Burdina (mg)0,4
A probitamina (mcg)4
C bitamina (mg)25
Folatoak (mcg)30
mcg = mikrogramoak

Osasunerako propietateak

Gizakiaren konposizio kimikoaren erdia baino gehiago ura da, gorputzeko ehunen araberako banaketa aldatuz, muskulua izanik edukirik handieneko ehuna. Organismoak ura behar du askotariko funtzioetarako, eta, beraz, funtsezkoa da bizitzeko. Ura zelularen egitura-elementua da, funtzio erregulatzaileak betetzen ditu, eta linfan, odolean, gernuan, izerdian, digestio-zukuetan eta abarretan parte hartzen du garraiobide gisa. Organismoan gertatzen diren hainbat erreakzio kimikoren erregulazioan parte hartzen du, eta gorputz-tenperaturaren mantentzean duen postuagatik. Ur-iturri nagusiak edariak eta elikagaiak dira; horien artean, frutak eta meloia nabarmentzen dira, osaeran uraren % 80 baino gehiago baitute. Meloia, ia urte osoan erabil daitekeen fruta, hidratatzaile ideala da, kaloria gutxi ematen dituenez, nahi adina jan daiteke, kaloria eta azukre gehiegi hartzeko beldurrik gabe. Hori dela eta, bereziki egokia da pisua kontrolatzeko dietetan eta karbohidratoen kontrol espezifikoa duten dietetan (diabetesa, adibidez). Fruta honetan, beta-karoteno ugari dauka, laranja mami motetan ugariago. Beta-karotenoak edo A probitamina izenekoak kontsumitzeko fruta bihurtzen du meloia, gaitz kardiobaskularrak, endekapenezkoak eta minbizia nozitzeko arriskua arintzen laguntzen duena.

A probitamina eta C bitamina ugari dituztenez, bitamina horiek gabeziak izateko arrisku handiena dutenei gomendatzen zaie bereziki: zitrikoak, piperra edo gure elikaduran C bitaminaren iturri ia bakarra diren beste begetal batzuk onartzen ez dituztenei; gantz gutxiko dieta egin behar dutenei, eta, beraz, A bitamina gutxi dutenei, edo nutrizio-premiak areagotuta dituztenei. Egoera horietako batzuk dira: hazkunde-aldiak, haurdunaldiak eta amagandiko edoskitzea. Era berean, tabakoak, alkohol gehiegi hartzeak, zenbait sendagai erabiltzeak, estresak, defentsa urrituek, jarduera fisiko biziak, minbiziak eta hanturazko gaixotasun kronikoek aprobetxamendua gutxitzen dute eta mantenugaien xurgapen txarra eragiten dute.

Meloia potasio gehien duen frutetako bat da, eta oso gutxitan falta izaten da, baina bigarren mailako ondorio bat izan daiteke: alkoholismoa, dieta hipokalorikoak, elikadura-portaeraren arazoak, erredurak, sukarra, traumatismoak eta abar. Mineral hori eta ura ugari dituenez, fruta diuretiko bikaina da, eta, beraz, gomendagarria da hipertentsio arteriala, odol-hodien eta bihotzaren afekzioak eta likido-erretentzioa dutenentzat. Hala ere, giltzurrun-gutxiegitasuna dutenek eta mineral horretan dieta bereziak egin behar dituztenek meloiaren kontsumoa murriztu beharko dute.