Frutaka-tik Z-ra:
Papaia

Denboraldiko egutegia
Propietateak
Fruta biguna da, oso mamitsua eta gurina. Karikazeoen familiakoa da, eta Afrikako eta Hego Amerikako eskualde tropikaletan fruitu handiak ematen dituzten eta hazten diren adarrik gabeko 71 zuhaitz-espeziek osatzen dute. Beste espezie batzuk papaia arruntaren genero berekoak dira, eta haien fruituak ez dira jateko modukoak. Fruta hau munduko lehen postuan dago esportazioari dagokionez.
Uraren ondoren, karbohidratoak ditu osagai nagusi, gehienak sinpleak, baina kantitate txikitan; beraz, balio kaloriko txikia du. Potasio ugari du, eta bitaminei dagokienez, C bitamina eta A probitamina ugari ditu. Proteinak digeritzen laguntzen duen entzima baten, papainaren, kantitate txikiak dauzka. C bitaminak lagundu egiten du kolagenoa, hezurrak, hortzak eta globulu gorriak sortzen, eta lagundu egiten du elikagaiek burdina xurgatzen eta infekzioei aurre egiten. Beta-karotenoa A bitamina bihurtzen da gure organismoan, behar duen heinean. A bitamina funtsezkoa da ikusmenerako, larruazala, ilea, mukosak eta hezurrak egoera onean edukitzeko eta sistema immunologikoak ongi funtziona dezan. Bi bitamina horiek, gainera, funtzio antioxidatzailea betetzen dute. Potasioa nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko eta muskuluen jarduera normalerako beharrezkoa den minerala da, eta zelularen barruko eta kanpoko ur-orekan parte hartzen du. Papaia zuntz-iturri ona da, eta hesteetako igarotze-prozesua hobetzen du.
Zati jangarriaren konposizioa, 100 gramoko | |
---|---|
Kaloriak | 33 |
Karbohidratoak (g) | 7,6 |
Zuntza (g) | 1,9 |
Potasioa (mg) | 214 |
Magnesioa (mg) | 13 |
A probitamina (mcg) | 52 |
C bitamina (mg) | 64 |
Azido folikoa (mcg) | 45 |
mcg = mikrogramoak |
Osasunerako propietateak
Pertsona helduentzat, hortzetako arazoak dituztenentzat edo urdail delikatua edo digestio astunak dituztenentzat aproposa, papaiaren mamia oso erraza baita murtxikatzen, irensten eta digeritzen.
Papaina entzima proteolitikoa da (elikagaien proteinak desegiten ditu), gure zuku gastrikoan dagoen pepsinaren antzekoa, eta horrek digestio-propietate onuragarriak ematen dizkio. Digestio-gaixotasunetan (gastritisa, hiato-hernia, pirosia, azidotasuna...) oso egokia da, urdaileko gehiegizko azidotasuna neutralizatzen laguntzen baitu. Digestio-mukosen gaineko eragin leun eta antiseptikoa oso baliagarria da gastroenteritisa eta kolitisa izanez gero.
Fruta gozoa da, freskagarria eta erraz hartzekoa, eragin antioxidatzailea duten substantzietan aberatsa. Horregatik da egokia, eta kontuan hartu behar dira biztanle guztientzat dituen nutrizio-propietateak: haur eta gazteentzat, helduentzat, kirolarientzat, haurdun dauden emakumeentzat edo bularra ematen ari diren amentzat eta adinekoentzat.
C bitamina eta A probitamina dutenez, bitamina horien gabeziak nozitzeko arrisku handiena dutenen artean kontsumitzea aholkatzen da: gure elikaduran C bitaminaren iturri ia bakarra diren zitrikoak, piperra edo bestelako barazkiak toleratzen ez dituzten pertsonak; gantz gutxiko dieta (beraz, A bitaminaren eduki urrikoa) egin behar dutenak edo nutrizio alorreko premiak ugaldu zaizkien pertsonak. Egoera horietako batzuk dira: hazkunde-aldiak, haurdunaldiak eta amagandiko edoskitzea. Era berean, tabakoak, alkohol gehiegi hartzeak, zenbait sendagai erabiltzeak, estresak eta defentsa urrituek, jarduera fisiko biziak eta minbiziak, baita hanturazko gaixotasun kronikoek ere, aprobetxamendua gutxitzen dute eta mantenugaien xurgapen txarra eragiten dute.
Gainera, C bitaminak elikagaien burdinaren xurgapena areagotzen duenez, anemia ferropenikoaren kasuan aholkatzen da, burdina ugari duten elikagaiekin edo mineral horren gehigarriekin batera, horrek indarberritzea bizkortzen baitu.
C eta A bitaminek, antioxidatzaile gisa, gaixotasun askoren arriskua murrizten laguntzen dute, besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrena, endekapenezkoena eta baita minbiziarena ere. A bitamina ere beharrezkoa da azalaren osasunerako.
Zuntz asko duenez, ezaugarri laxanteak ditu. Zuntzak idorreria prebenitzen edo hobetzen du, odoleko kolesterol-tasak murrizten laguntzen du eta gluzemia ondo kontrolatzen laguntzen du diabetesa duen pertsonarengan. Asetze-efektua eragiten du, eta horrek mesede egiten die pisua galtzeko dieta egiten duten pertsonei.
Gainera, potasio ugari eta sodio gutxi dutenez, oso egokiak dira hipertentsio arteriala edo bihotz-hodietako gaixotasunak dituztenentzat. Potasioa, berriz, giltzurrun-gutxiegitasuna dutenek eta mineral horretan dieta kontrolatuak behar dituztenek hartu beharko dute kontuan. Potasioa kanporatzen duten diuretikoak hartzen dituztenek, ordea, onura aterako diote.