Skip to main content
01

Frutaka-tik Z-ra:

Gerezia

Cereza :: Sukaldeko trikimailuak

Sukaldeko trikimailuak

Freskoak jan daitezke, postre gisa edo tartetan, mousse eta sorbetetan, edo konfitatuak edo bonboiz beteak. Egosteko direnak hezurgabetzaile batekin hezurrak kenduz prestatzen dira. Hezurrak kentzean gehiegi zukutuz gero, zuku asko gal dezakete. Herrialde batzuetan, Frantzian edo Ingalaterran adibidez, asko erabiltzen dira ongailuak egiteko, ehizakiak, txerriak eta hegaztiak laguntzeko. Brandy saltsaz garreztatu eta banilla izozki baten gainean isuritako gereziek osatzen dute Cherries Jubilee izeneko postre ezaguna. Latako gereziak ez dira hain irmoak eta zaporetsuak, beraz, hobe da plater gozoetan erabiltzea. Gerezi beltzetik abiatuta, hartziduraz, pattarrak eta beste edari espiritutsu batzuk destilatuz lortzen dira. Gindak hain dira garratzak, ezin direla freskoak hartu; beraz, flaskoetan gordetzen dira maiz, eta bikainak dira tartak eta enpanada batzuk prestatzeko.

Gerezi-tortilla

  • Denbora: 40 minutu
  • Prezioa: 5-10€
  • Zailtasuna: Batez bestekoa
  • Anoak: 4
  • Denboraldia: Uda
Osagaiak
  • 4 arrautza
  • 100 gramo azukre
  • 100 gramo gurin
  • Kilo erdi gerezi
  • edalontzi bat laranja likore edo gerezi pattar
  • gatz pixka bat eta azukre pixka bat

Nola egiten den

Sueztitu hezurrik gabeko gereziak gurinaren erdiarekin. Gehitu azukrea eta utzi egosten bigundu arte. Katilu batean, irabiatu arrautzak gatz eta azukre pixka batekin. Gehitu ondo xukatutako gereziak eta nahastu dena ondo (gorde gerezien xarabea). Zartagin batean, urtu gainerako gurina eta mamitu aurreko nahasketa, tortilla bat prestatzeko bezala. Zerbitzatu gerezi-tortilla xarabe erreserbatuarekin, eta garreztatu aldez aurretik berotutako likorearekin.

Gerezi konfitatuak sesamo-ogiz eta gazta freskoz egindako ogi txigortuekin

  • Denbora: 20-30 minutu
  • Prezioa: 5-10€
  • Zailtasuna: erraza
  • Anoak: 4
  • Denboraldia: udaberria, uda
Osagaiak
  • 400 gramo gerezi
  • 100 gramo azukre
  • 100 ml ur
  • limoi bat
  • 125 gramo sesamo-ogi (4 xerra)
  • 100 gramo gazta fresko

Nola egiten den

Jarri lapiko batean azukrea, limoi-erdiaren arraspadura, limoi osoaren zukua eta ura, eta eraman irakiten.
Gehitu hezurrik gabeko gereziak, eta irakin 10 bat minutuz. Kendu, eta utzi egonean gau osoan.
Xukatu gereziak, eta zerbitzatu sesamo-ogiz edo zerealez egindako ogi txigortu batean, zatitutako gazta freskoarekin batera.

Ikusi errezeta gehiago Gereziarekin