Frutaka-tik Z-ra:
Mangostan

Denboraldiko egutegia
Propietateak
Fruta exotiko preziatuenetako bat da, zapore eta trinkotasun ezin hobeak baititu. Gutiferena da, Asia eta Amerikako zuhaitz tropikalen familiakoa, eta haietako askok goma eta erretxinak botatzen dituzte. Mangostino, mangostin eta mangosto ere esaten zaio.
Elikadura-propietateak
Ur asko dute. Karbohidrato ugari dituenez, balio kaloriko handia du. Eduki mineralari dagokionez, potasioa eta magnesioa ditu. Zuntza ere ematen du, eta horrek hobetu egiten du heste-igarotzea. Bitaminei dagokienez, C bitamina nabarmentzen da. Potasioa beharrezkoa da nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko, muskuluen jarduera normalerako eta zelularen barruko eta kanpoko ur-orekan parte hartzen du. Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotzen da, hezur eta hortzen parte da, immunitatea hobetzen du eta eragin laxante leuna du.
C bitaminak lagundu egiten du kolagenoa, hezurrak, hortzak eta globulu gorriak sortzen, eta lagundu egiten du elikagaiek burdina xurgatzen eta infekzioei aurre egiten.
Zati jangarriaren konposizioa, 100 gramoko | |
---|---|
Kaloriak | 63 |
Karbohidratoak (g) | 18 |
Zuntza (g) | 1,35 |
Potasioa (mg) | 48 |
Magnesioa (mg) | 13,9 |
C bitamina (mg) | 7 |
mcg = mikrogramoak |
Osasunerako propietateak
Mangostana, bere trinkotasun eta zapore gozoagatik, egokia da haur, gazte, heldu, kirolari, haurdun dauden emakume edo bularra ematen duten amentzat eta adineko pertsonentzat.
Potasioak elikagai hau interesgarria egiten du potasioa kentzen duten diuretikoak hartzen dituztenentzat, galerak orekatzeko eta digestio-alterazio batzuk dituztenentzat. Gainera, sodio gutxi duenez, egokia da hipertentsio arteriala edo odol-hodietako eta bihotzeko gaixotasunak dituztenentzat.
Potasioa, berriz, giltzurrun-gutxiegitasuna dutenek eta mineral horretan dieta berezi kontrolatuak behar dituztenek hartu beharko dute kontuan. Diabetesa eta gizentasuna izanez gero, kontuan hartu behar da zenbat hartu behar den, karbohidrato asko baitauzka.
C bitaminak indartu egiten du gure immunologia-sistema edo organismoaren defentsen sistema, eta lagundu egiten du endekapenezko gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak eta baita minbizia ere izateko arriskua murrizten. Era berean, elikagaien burdina xurgatzen laguntzeko gaitasuna du, eta, beraz, anemia ferropenikoa hobetzen edo prebenitzen du. Bizi-egoera batzuetan, C bitaminaren behar organikoak handituta daude: haurdunaldia, edoskitzea, tabakismoa, zenbait medikamenturen erabilera, estresa eta defentsa gutxituak, kirol-jarduera bizia, minbizia eta hanturazko gaixotasun kronikoak.