Skip to main content
01

Frutaka-tik Z-ra:

Kumquat

Kumquat :: Propietateak

Propietateak

Kumquata edo "laranja nanoa" Rutazeoen familiakoa da, zitrus generokoa. Familia horretan 1.600 espezie baino gehiago daude. Citrus genero botanikoa da familiako garrantzitsuena, eta 20 bat espezie ditu fruitu jangarriekin, guztiak C bitamina, flabonoide eta olio esentzial ugarirekin. Fruituei hesperide deritze, eta badute berezitasun bat: beren endokarpioa zukuz betetako besikula ugariz osatuta dago. Kumquata da zitrikoen artean fruiturik txikiena eta oskola jangarria duen bakarra.

Elikadura-propietateak

Balio energetiko handia du, eta ugari ditu C bitamina, azido folikoa eta zenbait mineral (potasioa, magnesioa eta kaltzioa, adibidez), nahiz eta azken hori ez duen ia xurgatzen organismoak.

Karotenoide izeneko beste substantzia batzuk ere ugari ditu, eta horiek ematen diote kolore bereizgarria, herdoilaren aurka egiteko gaitasuna eta zaporea, hala nola azido malikoa, oxalikoa, tartarikoa eta zitrikoa; azken horrek indartu egiten du C bitaminaren eragina. Kumquat-ak, gainera, zuntz dietetiko dezente dauka.

C bitaminak lagundu egiten du kolagenoa, hezurrak, hortzak eta globulu gorriak sortzen, eta lagundu egiten du elikagaiek burdina xurgatzen eta infekzioei aurre egiten. Azido folikoak globulu gorri eta zurien ekoizpenean, sintesi material genetikoan eta sistema immunologikoaren antigorputzen eraketan parte hartzen du.

Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotzen da, hezur eta hortzen parte da, immunitatea hobetzen du eta eragin laxante leuna du.

Potasioa beharrezkoa da nerbio-bulkada transmititzeko eta sortzeko, muskuluen jarduera normalerako eta zelularen barruko eta kanpoko ur-orekan parte hartzen du.

Osasunerako propietateak

Haur, gazte, heldu, kirolari, haurdun edo bularra ematen duten emakume eta adineko pertsonentzat egokia da.

Fruta honek flabonoideak, C bitamina (herdoilaren aurka egiten duten substantziak) eta azido folikoa ematen ditu, eta, beraz, oso egokia da bihotz-hodien osasunarentzat. Lehenengo bi substantziek funtzio antioxidatzailea dute; "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren oxidazioa inhibitzen dute, eta odol-hodien hormetan jalkitzea galarazten dute; beraz, arrisku kardiobaskularra murrizten laguntzen dute.

Era berean, azido folikoa ezinbesteko bitamina da haurdunaldiko lehen hilabeteetan gertatzen diren zelulen zatiketa eta ugaltze prozesuetan; beraz, haurdun dauden emakumeentzat bereziki interesgarria da, nahiz eta bere konposizio azidoagatik azidotasuna eragin dezakeen.

C bitamina ugari daukanez, bitamina horren eguneko aholkuen zati bat betetzen laguntzen du: 60 miligramo (mg) pertsona heldu batentzat. Hala ere, egoera batzuetan gehiago kontsumitu behar izaten da: tabakismoa, alkoholismoa, medikamentu jakin batzuk hartzea, haurdunaldia eta edoskitzea, estres emozionala edo ingurumenekoa, defentsa gutxituak, kirola asko egitea... Eta gainerako biztanleentzat, onura gehiago ekar ditzake hotzeko hilabeteetan eta urtaro-aldaketetan, defentsa-sisteman gorabeherak maiz izaten direnean eta katarroak edo infekzioak hartzeko joera dagoenean.

C bitaminak antioxidatzaile gisa dituen onurez gain, kumquat-a kontsumitzeak gaixotasun kardiobaskularrak, degeneratiboak eta minbizia izateko arriskua murrizten laguntzen du. Gainera, elikagaiek burdina gehiago xurgatzen dutenez, anemia ferropenikoa izanez gero, burdina ugari duten elikagaiekin edo mineral horren gehigarriekin batera hartzea gomendatzen da, horrek indarberritzea bizkortzen baitu.

Azido zitrikoa duenez, digestio- eta gernu-bideetan ezaugarri antiseptikoak dituen fruta da. Gainera, gernua alkalinizatzen duenez, giltzurrunetako litiasia dutenei mesede egiten die (batez ere azido urikoaren gatzengatik), eta azido urikoa kanporatzea errazten du, hiperurizemia eta hezueria egoeretan. Substantzia horrek ematen dio zapore garratza, eta, beraz, ondoeza eragin diezaieke hiato-etena, urdaileko azidotasuna, gastritisa eta urdaileko edo gastroduodenoko ultzera dutenei.

Bere konposizioa dela eta, ekintza koleretikoa (behazun-xixkuaren uzkurdura estimulatzen du) eta kolagoga (behazunaren askapena areagotzen du) eragiten ditu. Kolelitiasia izanez gero, kolikoa eragin dezake; beraz, ez da komeni halakorik hartzea.

Fruta honek zuntz ugari ematen du, eta horrek lagundu egiten du hesteetako igarotzean, eta murriztu egiten du urdaila husteko abiadura. Beraz, oso erabilgarria da argaltzeko erregimenean, asetasun-sentsazioa sortzen baitu. Zuntz horrek, gainera, gantza eta kolesterola finkatzen ditu, eta, ondorioz, gutxitu egiten da haren xurgapena, eta horrek mesede egiten die hiperkolesterolemia dutenei. Bestalde, murriztu egiten du irentsitako elikagaien karbohidratoen xurgatze-abiadura, eta saihestu egiten du jan ondoren odoleko glukosa-maila bat-batean igotzea. Gluzemia-mailak (odoleko azukre-maila) egonkorragoak dira, eta, beraz, diabetesa dutenei ere mesede egiten die.